Ongi etorri gure blog-era

Hemen aurkezpen textu bat jarri beharko litzateke.

Nadal, Cyborg


Irakurri ditudan titular guztietatik, L'equipe egunkari frantsesak jarritakoa gustatu zati gehiena: "Nadal, Cyborg". Hitz joko zoragarria iruditzen zait Nadalek atzo egindako lorpena laburbiltzeko. Gizakien gainetik dagoen robota baitirudi Nadal, legendazko Borg-en marka berdintzeko gai izan den robot ia perfektua. Argi dago zazpi saiakeretan sei Roland Garros irabazteko, gizaki normal baten oso gainetik dagoen pertsona izan behar zarela. Rafa Nadal gaindohatua da fisikoki eta psikologikoki, nahiz eta horrek ez duen esan nahi talentu falta duenik, horretaz ere soberan baitago.

Baliteke aurtengoa seietatik gehien kostatu zaiona izatea. Djokovicen kontra galdutako lau finalek min eman zioten Nadali, nahiz eta askok espainiarra psikologikoki suntsiezina zela pentsatu. Zailtasunak zailtasun, Manacorrekoak bere tenis onena berreskuratu zuen momenturik egokienean. Hori dute txapeldun handiek, behar denean euren onena emateko gai direla.

Nadalek 25 urte eta bi egunekin lortu du Roland Garros seigarren aldiz garaitzea. 25 urte eta egun bat zuen Born Borgek lortu zuenean. Askorentzat izotzezko gizona eta Manacorreko basapiztia parekatzea gehiegi esatea da. Egia da Borg legendazko jokalaria dela; 6 Roland Garros eta 5 Winbledon lortzea izugarria da. Baina Rafa Nadalen zenbakiak agian ez dira oraindik behar bezala kontuan hartzen: 6 Roland Garros, 2 Winbledon eta Us Open eta Australia beste behin.

Hau guztia historiako jokalari onena (Sir Roger) alboan duzula lortzea oraindik eta meritu gehiago ematen dio Nadalek egindakoari. Borgekin egindako konparaketari berriro helduz, Nadal gutxiesten duten horiei datu hau emango nieke: Nadalek 221 partidu irabazi ditu buztingorrian 239tik. Borgek 245, baina 284 jokatu zituen. Lehenegoak 18 porrot, bigarrenak 39. Argi dago Rafa Nadal historiako jokalari onena dela buztingorrian. Dudarik gabe. Belarrean eta pista gogorrean dituzten portzentaiak antzekoagoak dira. Baita orokorrean irabazitako partiduen portzentaia ere. Legendazko bi heroi dira biak.

Suediarra goiz nazkatu zen tenisaz, presioarekin bizitzeaz aspertuta. Baina Nadal beste pasta batez egina dagoela dirudi, eta oraindik hainbat Roland Garros irabazteko gaitasuna du. Txapeldun handien legez, aseezina da Nadal. Horrek egiten du are eta handiago.

Ez dut uste atzo Nadalek egindakoari merezitako garrantzia ematen ari zaionik. Niri izugarria iruditzen zait, historikoa. Federerrek eta Nadalek urte hauetan guztietan egiten ari direna historiaren parte izango da betirako. Bi jokalari hauek ahaztezinak izango dira, eta urte askoren buruan denok gogoratuko ditugu euren artean jokatutako finalak. Bi txapeldun handi, humiltasunaren eredu direnak.

Ez dut ulertzen ezta ere askok Nadali dioten amorrua. Zale frantsesek ez dute ingelesekin konparazio punturik, baina bera bezalako txapeldun handi batek beste tratu bat merezi du. Batez ere tipo bikaina delako. Langilea, humila, jatorra eta kiroltasunaren eredua. Noiz ikusi dugu Nadal keinu itsusi bat egiten? Ezinezkoa da hori. Baina patriotismoak itsutzen ditu galiar gehienak. Euskaldunak ez gara hutsegite berdinean erori behar.

Askok ez dute Nadal begien aurrean ikusi nahi Espainiako zale forofoen idoloa delako. Tenisari espainiar batek irabaztean soilik erreparatzen dioten horiek ez dute horrelako kontsideraziorik merezi. Nadal kirolari handia da, pertsona handia, eta bere lorpenak bandera ororen gainetik daude, batez ere bakarka jokatzen den kirol batean. Ez gaitezen itsutu, eta txalotu dezagun geuk ere txapeldun handi honen lorpena. Ez gara konturatzen, baina begien aurreran agian errepikatuko ez den kirolaria dugu. Goza dezagun guk ere bere tenisaz. Go on, Rafa.

No Response to "Nadal, Cyborg"

Publicar un comentario