Arruntasunetik kanpo kokatzen dute askok Reala. Beste taldeak mugitzen dituen errotatik kanpo. Zenbatetan entzun ote dudan, “hau edo beste hori egingo balu, Betis bat edo izango ginateke” esaldi txepela. Lasarte kargutik kendu bezain pronto, bati baino gehiagori entzun diot: “orain bai, bat gehiago gara”. Ez nator bat.
Iraganari orraztua ematea nahiko. Toshackeren bigarren aroa amaitu ondorengo denboraldietan, 15 igaro dira, Krauss alemaniarrak baino ez zion ekin hirugarren denboraldi bati (liga hasi eta gutxira bota zuten Clementeren esku zakarretan hipotekatuz etorkizuna), beraz, txuri-urdinek aspaldi utzi zioten salbuespen izateari. Beste zerbaitek egiten gaitu diferente: Zubietak. Eta horri erabateko zukua ateratzeak eramango gaitu egonkortasunera.
Lasarterekin hasi ginen irteten ezegonkortasunetik, nahiz orain, beste zerbait hobetsi duen zuzendaritzak estabilitatera lehenago iristeko. Erabaki ausarta bezain legitimoa. Arriskutsua ere bai, zergatik ez esan, baina hain justu, horretan datza futbolak. Garbi duzunean zer nahi duzun zirt edo zart egin behar da. Lillorekin egin zuten, baita asmatu ere.
Pardo, Martinez, Hernández, Hervias, Aitor Castro edota Zelaia, erdilari, zentral, aurrelari, hegalekoa, euskarria eta atezaina, hurrenez hurren, Espainiako selekzio ezberdinekin ari dira, hasieratik jokatuz gainera. Ahalmen handiko mutilak direnaren seinale. Horiek pixkanaka-pixkanaka, minutuak pilatu behar dituzte, entrenatu nagusiekin, era horretara egiten edo osatzen direlako taldeak. Lasartek horiekin lan egingo zuela? Ez dut uste, Markel, Elustondo, Agirretxe, Cadamuro, Illarramendi, Sarasola, Esnaola, Viguera ... ez direlako inoiz bere pentsamoldeetan sartu. Bere eskuetan izan duenari kasu zipitzik egin ez badio, izango duenari egingo diolakoan gaude? Mesedez.
Zurutuzak eta Griezmannek ezin dute gure begirada lausotu. Hemendik aurrera, beste agertoki baten aurrean gaude. Apostu sendoak egitekoa. Hau da, Markelekin esaterako, beste izen asko ere jarri litezke adibide moduan, aukera emateko garaia da. Balio badu, aurrera. Ezetz, kanpora. Kitto, ez dago besterik, baina aukerak eta konfiantza eman egin behar ordea. Multzoak balioa galdu duelako ez du jarraitzen Lasartek, eta balio hori indartzeko dator Montanier. Futbolaren legea da.
6/09/2011 12:25:00 a. m.
Ander Altuna

No Response to "Apustuak egitearen beharra"
Publicar un comentario