Ongi etorri gure blog-era

Hemen aurkezpen textu bat jarri beharko litzateke.

Weylandti agurra



Italiako Giroan tragedia izan dugu gaurkoan. Gaur arratsaldean Wouter Weyland belgikarra Passo del Bocco mendatea jaisten erori, eta bizia galdu du errepidean. Kraneoa hautsi nunbait, eta medikuek ezin izan dute bere bizitza salbatu.

Zuzenean ikusi dut erorikoaren momentua. ETBko kazetariak, Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga abisuka ari ziren, errepidea estua eta zigizagatsua baitzen. Baina inork ez zuen buruan horrelakorik gerta zitekeenik. Laugarren mailako mendatetxo horrek, Passo del Bocco delakoak, tranpa bat zen txirrindularientzat, eta bertan erori da 25 urteko belgikarra.

Lehenengo irudiek ileak puntan jarri dizkigute; Weyland lurrean etzanda konorterik gabe, eta sudurretik odola bor-bor zeriola. Hotzikara sentitu dut. Horrek ez zuen itxura onik eta burura Casartelli, Kivilev edo Espinosa etorri zaizkit. Tamalez, beldur guztiak bete egin dira, eta errepideak Leopardeko ziklista gazteari bizitza kendu dio.

Bihotza atsekabetu egiten zait horrelakoetan. Wouter Weylandek ez zuen Giroa egin behar, baina azkenean Daniele Benattiren ordez sartu da, taldeko sprinter moduan. Patua horrelakoetan kapritxosoa izaten da. Iaz Italian bere lehen garaipen handia lortu zuen, eta gerora Espainiako bueltan ere garaipena lortutakoa zen. Etorkizun oparoa zuela diote ezagutzen zutenek. Tom Boonen handiaren jaurtitzailea izandakoa Quick Stepen, aurten Schleckdarrek euren talderako fitxatu zuten.

Wouter Weyland aita izateko bidean zen. Irailean jaioko da bere semetxoa. Badakit egunero gertatzen direla horrelakoak munduan, baina bizitzaren krudeltasunak gaur agerraldi izugarria egin du. Bizitzaren gogortasuna, injustizia, eta pentsa daitekeen guztia.

Atzoko etapan bederatzigarren izan eta gero, gaur garaipena nahi zuen belgikarrak, tamalez, 25 kilometro faltan, ezkerreko pedala trabatu egin zaio Passo del Boccoren tranpan. Bihurguneak oharkabean harrapatu du, berandu eragin balaztei, eta murru baten kontra joan da. Kaskoak ez dio bizitza salbatu. Madarikazioa.

Txirrindulariek antolakuntzari bota diote errua. Seinalizazio falta, errepide txarrak, tranpak... agian ez zaie arrazoia falta, eta kasu askotan antolakuntzak ibilbideak egiterakoan ikuskizunean soil-soilik erreparatzen dute, protagonisten segurtasunean pentsatu gabe. Eztabaida mahai gainean dago, baina denak bateratuak egoteko momentua da. Wouter Weylandi merezi duen omenaldia egiteko garaia da.

Lance Armstrongek Casartelli lagun minari etapa bat eskaini nahi izan zion, eta indarrak edonondik atera zituen amerikarrak bere taldekide desagertua gurtzeko 95ekoTourrean. Bihar ziurrenik Leopard talde osoak pasako du helmuga lehen tokian. Etzi taldekide guztiek errepidean egin behar diote omen beren lagunari. Weylandek horrela nahiko luke. Agur eta ohore, errepidean ausardiarekin bizitza galdu duen orori.

No Response to "Weylandti agurra"

Publicar un comentario