
Liga amaituta, eta helburua lortuta, hurrengo denboraldirako lehen pausoak eman behar dira, eta horretarako taldearen entrenatzailea zein izango den erabaki behar du Realaren zuzendaritzak. Martin Lasarteren jarraipena kolokan dago, eta kaleko tertulia guztietan eztabaida hori da nagusi. Jarraitu behar al du Martin Lasartek Realeko entrenatzaile bezela? Bihotzak baietz esaten dit, buruak ordea, ezetz.
Duele minutu batzuk amaitu du Teledonostin egin dioten elkarrizketa sakona. Bi orduz egon da Uruguayarra gauza guztietaz hitz egiten. Argi. Baina beti bezain dotore. Dotorezia Martin Lasarteren ezaugarri nagusietakoa baita. Lege zaharreko gizona da. Tradizioan oinarri, aintzinako baloreak edonora daramatzana. Beti aurpegiz, beti ohorea mantenduz. Horrek beti hunkitzen nau, horrelako entrenatzaile gutxi geratzen direlako. Hemendik azken aldian pasa diren batzuk eta hortik zehar dabiltzan beste batzuei erreparatuta (Marcelino, Luis Garcia, Esteban, Lotina, Lillo, Coleman, Camacho, Caparros, Garrido...), Lasarte hanketatik janzten den gizona dela argi daukat.
Atzo, eta gaur Hamaikakoa saioan egon naizenean, argi nuen Lasartek ez zuela Realean jarraitu behar. Orain ordea, bihotzak berriro atximur egin dit. Ez luke behar, baina Martin bi orduz futbolaz hain argi, hain sakon, hitz egiten entzun eta gero, bihotzarekin pentsatu dut, zergatik ez bere kontratua errespetatu? badakit oso arriskutsua dela, eta hotzean pentsatuta agian komenigarriena ez dela baina... ez al ditu bi urtetan eskatutako helburuak bete?
Martin Lasarte Arrospide, Montevideo (1961). Abizen euskaldunak dituen uruguayarra. Haraino joan behar al gara entrenatzaile bat bilatzera? pentsatu nuen bera Realaren entrenatzaile izango zela jakitean. Lehenengo partiduak ikustean, nere ezinegona areagotu egin zen. Baina askotan gertatzen zaigun bezala, ignorantzian oinarritzen garenean, okerrean gaude. Martin Lasartek Realari aurpegia garbitu zion. Realzale guztiak batzeko ohiua bota zuen, talde honen altxorrik onena bere zaleak direla argi ikusi baitzuen. Bere eskaerak oraindik bizirik darrai, larunbatean ikusi zen bezala.
Donostiara iristean sekulako panorama aurkitu zuen Lasartek. Hirugarren urtea bigarren mailan, eta etsipena nagusi. Negatibismoz kutsatutako giroa zegoen. Baina haize uruguayarrak, Gipuzkoak ere berritu zituen. Bihotzean beti eramango dut nik, eta baita milaka zaleek ere, Martin Lasartek talde honi eman diona. Lehen mailara itzuli, eta taldeari bere nortasuna itzuli zion. Lasartek Reala talde irabazle bihurtu zuen. Garaile. Beste nortasun bat eman zion, odolak irakiten jarri zituen.
Iazko azken txanpan ikusi ziren hutsune batzuk ordea, berriro azaleratu dira aurten, eta lehen mailak ezartzen duen legez, gehiago nabaritu dira. Lasartek talde irabazlea egin du, bai, baina talde laburra da. Konfiantzazko 15 jokalari izan ditu entrenatzaileak, aukeran gutxiegi. Eta okerrena dena, jokalari horiekin modu batera bakarrik jokatzen dakiela erakutsi du. Taldea defentsiboki eta taktikoki lotsagarri aritu da nahi baino gehiagotan. Batez ere etxetik kanpo, non lehenengo mailan beste jokamodu bat eduki behar den. Ezin da beti plan berdinarekin aritu, bestela komediak.
Kritika egitea oso erraza da, eta munduko entrenatzailerik onenak ere bere hankasartzeak egiten ditu. Hala ere, Lasarteri ausardia falta ere ikusi zaio aurten. Egoerak bultzatuta, "misterrak" beteranoengatik egin du apustu itsu-itsu, 2ºB mailan primeran ibili den taldeari ia begiratu gabe. Eskola zaharrekoa da Lasarte, eta ziur da momentu zailetan beteranoek jokatu behar dutela. Berak "galoietan" sinisten du. Bere esperientziak hori erakutsiko zion, eta ez dut nik kontrakorik esango, baina etorkizunean ere begiratu behar da. Aurten Markelek eman duen maila ikusita, ezin da ulertu nola etorkizuneko jokalari honek ez duen Rivasen erdia ere jokatu.
Hala ere, Lasartek egin duen akatsik handienetakoa Imanol Agirretxerekin izan da. Iaztik ikusi zen usurbildarra ez zuela oso gogoko, baina aurtengoa onartezina izan da. Oraindik gaztea den jokalari bati hegoak moztu dizkiote berak eta zuzendaritzak. Ezin da onartu berarekin eduki duten jokabidea, neguko merkatuan geratzera behartuz, gero partidu bat titular jokatzeko soilik. Gainera jokalariak erakutsi du, aukera gehiago merezi zituela.
Futbolean sentsazioak oso garrantzitsuak dira, eta Realak denboraldi bukaeran utzi dituenak ez dira positiboak. Ekipoa hutsik amaitu du, eta ezertara jokatu gabe. Bartzelonaren partidua salbuespena izanda, Sporting, Zaragoza eta Getafeko partiduetan Realak bihotzarekin, amorruz egin du aurrera, baina jokurik gabe.
Hau guztia kontuan hartuta, Martin Lasarte entrenatzaile izaten jarraitzea arriskutsua izan daiteke taldearentzat. Batez ere goikoek ez dutelako konfiantza berarengan. Dudak ez dira bidelagun onak, eta geratzen bada, hurrengo denboraldian gauzak erdi gazki badoaz, kalera botako dute. Eta hori baino, hobe orain erabakia hartzea.
Hala ere, berriro ere, taldeko zuzendariak oker dabiltza berriro ere. Lasartek gaur esan duenez hilabete eta erdi darama "goiko" inorekin hitz egin gabe, eta orain ere ez daki zeinek deitu behar dion: Lorenek, Aperribayk, Perezek, kontseiluko batek... lotsagarria. Tamalez denboraldi osoan Realak berak berotu ditu auzi asko informazioak filtratzen eta antzerakoekin. Rivas, Tamudo eta batez ere Lasarterekin gertatzen ari dena ez da normala. Klubak horrelako gauzak kontrolatu egin behar ditu, eta ezin onartu daiteke horrelako kaosak egotea, eta hedabideei informazioa ematea protagonisten bizkarrera. Suspentsoa Realaren zuzendaritzarentzat, eta batez ere kirol zuzendari postuan dagoenarentzat.
Ez litzateke bidezkoa Martin Lasarte Klub honetatik atzeko atetik ateratzea. Bere konpromezua lehen egunetik, azkenekora, txalogarria izan da. Uruguayarra, eta honenbestez odol berokoa, adarrak hautsi ditu Realarengatik. Bere jokalariengatik. Euren ohorea beste guztiaren gainetik mantentzen saiatu da. Inoiz inor seinalatu gabe. Inoiz inorentzat hitz txarrik izan gabe. Igoera lortu zuen talde berdinarekin mantentzea, bukaeran bakarrik sufrituta, bere meritua ere bada, eta ez gaitezen engainatu, liga honetan 11 taldek sufritu dute. Eta igoberri bat ezin daiteke hortik at egon gauzak normal direla.
Buruak ez, bihotzak bai. Gertatzen dena gertatzen dela, badakit asko hunkituko naizela Martin Lasarteri agur esateko momentua iristen denean. Kadizen geundela, bera zen nire heroia. Baita beste askorena ere. Ez dut hitzik Realari eman diona eskertzeko. Egunez egun bere gurasoen herriaren futbol taldearen koloreak defenditu ditu. Eta hortik dabiltzan lotsagabe askok ez dakite hori zer den ere.
Reala pertsonen gainetik dago, handia delako, inmortala. Baina batzutan zaleak sakabanatu egin gara, norabidea galdu dugu. Martin Lasartek igoera lortutakoan gauza bakarra esan zion Anoetari: "Nunca dejen de estar unidos. Nunca dejen que este sentimiento se pierda. Porque si lo mantienen la Real nunca dejará de estar entre los grandes". Gaur, berriro, Tito Irazustak azken momentuak eman dizkionean, gauza berdina esan du. Eskerrik asko Martin, eta zorionak, salbazioa ere zure meritua baita.
5/23/2011 02:33:00 p. m.
Imanol Arruti
1 Response to "Martin Lasarte, bai ala ez?"
saca el machete, lasarte saca el machete!!!!!
Publicar un comentario