Nick Nuyens belgikarrak irabazi du Flandeseko Tourra gaur, ustekabean. Laisterketa, berriro ere, zoragarria, izugarria, ikaragarria, zirraragarria... eta ez dakit zer gehiago. Belgikako magiak gaur bere herritar bat zeruetara igoarazi du berriro ere. Bertako txirrindulariak ez dira itzuli handietan agertzen (barka diezadala Eddy Merckx handiak). Hanka gogorrekoak dira, bertako harbideetan haziak, motzak baina tenteak diren maldetan ikasiak. Bertan egiten dute dir-dir urtero, eta gaurkoa ez da salbuespena izan.
Johan Museeuw, Boonen, Devolder...-ek Belgikako herria harro sentiarazi dute askotan, baina bazirudien iazko erakustaldiaren ondoren aurten ere inor ez zela gai izango Fabian Cancellara handiaren garaipena sahiesteko. Baina "Espartacori" gaur mailuaren gizonak egin dio bisita. Gizakia da, ez jaungoikoa. Gaur bere miseriak agerian geratu dira.
Karranpak izan ditu suitzarrak. 50 kilometro faltan ihes egin du faborito guztiei barre eginez. "Helmugan ikusiko gara" pentsatu behar zuen Cancellarak orduan. Baita guk ere. Horrelako erakustaldietara ohitu gaitu azkenaldian. Chavanel gurpilean zuela egin ditu 30 kilometro. Baina momentu horretan indarrek kale egin diote Cancellarari.
Ahulezia bere aurpegian. Atzetik zetozenek, Flecha, Gilbert, Boonen, Nuyens bera... bapatean jan diote diferentzia. Galdu ezin zuen Cancellara hustuta. Indarrik gabe. Ahuleziak jota. Ikaragarria bere sufrimendua. Baina baita bere jarrera.
Bazirudien errepidean hankazgora geratu behar zela. Ez zuela taldearekin aurrera egiteko aukerarik izango, baina... Cancellararen handitasuna orduan geratu da agerian. Hortzak estutu, eta hiru kilometro faltan, mailuaren gizonari irribarrea bota eta eraso egin du suitzarrak. Eserita, ohitura duen moduan. Bere erritmo itogarri hori ezarrita. Atzean Nuyens eta Chavanel eraman ditu.
Atzetik ezin segundu gutxi batzuetako desabantaila kendu. Azken kilometroan Boonenek bere barnean duen lehoi gosetia atera du, baina alferrik. Cancellerak, hanketako minarekin, ezin izan du esprinean eserlekutik altxa. Nuyens azkarren. Bera hirugarren.
Espartaco garaitu egin dutela esango dute askok gaur. Logikoa hori pentsatzea. Baina gaur Fabian Cancellara handiaren legenda handitu egin da. Gizakia dela erakutsi du, sufritu egiten duela, eta sufrimenduan handia izaten ere badakiela erakutsi du. Indarrak harrien azpitik atera eta hirugarren izanda. Gutxi, eskas, bera bezalako txapeldun batentzat.
Gaur bizitzak zigortu egin du bere ausardia. 5o kilometro faltan bota duen erasoa gehiegizkoa izan da. Baina ziur gaurko zauriak, gaurko amorrua, hurrengo igandean Roubaix-ko harbideetan barrena ibiltzeko indarra izango direla Cancellararentzat. Zauritua dagoen basurdea bezalaxe, Espartacoren mendekua zazpi egun barru iritsiko da, iparraldeko infernuan. Bera bezalako txapeldunak euren ahul momentuetan izaten baitira haundien.
Ordura arte, Euskal Herriko errepideetan barrena ibiliko den itzuliarekin gozatuko dugu. Hona hemen nire podiuma: 1.Gesink 2.Samuel 3.Kloden.
4/03/2011 07:06:00 a. m.
Imanol Arruti

No Response to "Espartacoren mailua"
Publicar un comentario