Partidaz partiko irakurketak baino ez dit balio niri. Taldek hazten jarraitu behar duelako, baina pausoz pauso eta ez saltoz salto. Harrobira jotzeko garaia da inoiz baino modu sutsuagoan.
Lasartek esandakoak orrazten dihardute etengabean harrapakinek haragi ustela hezurmamitzen duten moduan Realaren inguruko iritzi-emale hainbatek. Zer nahi duzue esatea ba? niretzat zuzen aritu zen entrenatzailea. Egoki. Bai bere hitzen edukian, baita noiz bota zituen ere. Hain juxtu, harrapakin giro nahasleen jarioa lehortze aldera egindakoak iruditzen zaizkit, garbi asko gainera.
Gatozen denboraldi hasierara, hilabete batzuk atzera. Kirol zuzendaritzako kideek epelak entzun behar izan zituzten multzoaren egituragatik. Loren, beste behin, kritika guztien bazka: fitxaketa horiek ez zirela aski izango goren mailan lehiatzeko (Tamudo eta Llorente bezalako aurrelari puskak ekarri arren, besteak beste), indar berri gehiago behar zirela, iazko oinarria izanik gorriak ikustera kondenatua zegoela... beharraren atzetik behar, ezegonkortasuna sortu nahian hasi baino lehen, alajaina!
Liga hasi eta gutxira ordea, hitzaldiari jira-bira emanez, talde horrek permanentzia baino zerbait gehiagorekin amets egin zezakeela esatera ausartu ziren. Hirugarren jardunaldia zen eta Reala egundoko neurketa jokatzetik zetorren Real Madrilen kontra. Handik hiru astera, Mallorka eta Levanteren zelaian pattal ibili ostean, beste buelta erdi bat eman eta "Este equipo es de segunda" bezalako lerroburu gogorrak irakurri genituen. Geroago etorri da Rivas afera, iritzi-sortzaile inestable horiek gorpuztua, elikatua eta pozoindua. Harrobiaren lanean sinisten duen inork ezin lezake bere jarraipena babestu. Illarramendi, Markel edota Elustondoren parte hartzearen alde hitz aspertua egin dugunok direnak eta ez direnak aditu behar izan ditugu. Orain berriz zer ari da gertatzen? Taldeak eman zezakeen mailaren inguruan zalantza iturri bihurtu ziren horiek beraiek dira orain, zazpigarren postuaren dantzan giro barea aztoratzen dabiltzanak.
Illarramendirekin lehiakortasun mailak behera egingo zuela esan eta esan aritu arren, bere defendatzailerik sutsuenak bilakatu dira orain. Llorenteren lesioarekin munduaren amaiera iragarri zutenak, Tamudoren renobazioaren abokatu dira orain. Ez noa gehiago luzatzera bestela... Egun batetik bestera haize ufadak aldatu nola, hala funtzionatzen dute horiek, eta Lasarte nazkatu da. 11 jardunaldiren faltan jaitsiera postuak bederatzi puntura izatea gauza handia da. Lehen ere bazen eta gero ere izango da. Hori baloratzen asmatzen ez duenak, hor konpon maria anton, baina ez dezatela giro lasaia bere hitz merke eta aldakorrekin kutsatu. Realak lor lezake Europarako txartela, aurrez lortu izan duen moduan, baina beti ere ongi egindako lanaren ordainsari moduan eta ez etorkizun hurbila hipotekatuz.
Hori egin dutenek larrutik ordaindu dute. Hor dira Zaragoza, Betis, Recreativo (ez ahaztu igo ondorengo aurreneko urtean goiko postuen borrokan ibili zirela Marcelinorekin eta zuzendaritzak hankak lurrean izan beharrean hurrengo denboraldietarako aingurak sortzen Europaz berriketan galdu zutela urrezko denbora) kirol eta ekonomia arloan geroz eta putzu ilunagoan sartuta. Txuri-urdinen etorkizuna ez dago Europa League lehiatzean, baizik Zurutuza, Griezmann, Markel, Illarramendi, Cadamuro, Eizmendi, Pardo, Ros, Albistegi, Iñigo Martinez, Gaztañaga… eta konpainiarengan fede itsua izatean. Horiek egonkortzearekin batera sendotuko da Realaren kokapena lehen mailan. Orain da landatzeko unea, ondoren uzta biltzeko. Denboraldi arrakastatsuetan burua ez galtzea da biharko eguneko irrifarrearen poza. Andoni Elizondo entrenatzaileak oso garbi izan zuen hori 60. hamarkadan. Bazekien nondik zetorren Reala, zer zen eta nora joan nahi zuen. Bere inguruan zenbat eta ozenago hitz egin UEFAz, orduan eta aukera gehiago ematen zien Sanseko jokalarie. Bai, bai Sansekoei. Arkonada, Satrustegi, Zamora, Idigoras, Gajate, Alonso… izeneko ezezagun batzuei. Perspektiba galerak eraman zuen Reala zulora. Historia berridazteko garaia da. Eskerrik asko Elizondo eta Exposito. Zuzen zabilta Martin.
3/10/2011 04:57:00 a. m.
Ander Altuna

No Response to "Zuzen zaude, Martin"
Publicar un comentario