Berlingo harresiaren erorketarekin batera erabat hautsi zen 1990eko otsailean Jugoslaviako Komunisten Liga. Egoera ekonomikoa larria zen oso eta egitura politikoa pitzatuta zegoen aspaldidanik, kinka larrian. Ordurako, asko indartu ziren tokian tokiko mugimendu abertzaleak, geldiezin izateraino. Zoritxarrez, gudu militar lazgarri baten ondorioz lortu zuten independentzia Jugoslaviako errepubliketako ordezkariek, Serbia Handi baten aldeko joerak botere handia hartu zuelako. Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedonia bereiztu ziren lehenik. Serbia Handiaren asmoari leial eutsi zioten Serbiako eta Montenegroko errepublikek, baina egun, bi herrialde ezberdin dira.
Gorabehera horiek noski, eragina izan zuten kirol egituretan. Once Brothers izeneko dokumetala argigarria da horretarako. Divac eta Petrovic saskibaloi jokalarien arteko hartu emana du muin gerraren krudeltasuna isladatzeko. Bata kroaziarra, beste serbiarra, AEBtara jo zuten biek ala biek, NBA-ko izar bilakatzeraino. Yugoslaviako selekzioarekin ere gailurra zapaldu zuten. Anaien arteko lotura estua ordea gudak desegin zuen betirako. Elkar hitz egiteari utzi zioten, etsaitu, lagun mintasuna deuseztuz. Futbolak ere badu tokia horitutako paper horietan. Prosinecki, Suker, Boban, Mijatovic, Jarni, Pavlicic, Brnovic, Stimac… nork ez ditu ezagutzen? izen handiak, munduko elastikorik dizdiratsuenak dituzte gordeta. Euren kirol ibilien atarian elkarrekin jokatu zuten. Yugoslaviarekin. 1987. urteko udazkena zen eta Txilen dena prest 20 urtez azpiko munduko txapelketari ekiteko.
Aurreneko fasean inork ez zien itzal egin. Hirutik hiru golkoratu 12 gol sartuz. Brasil egokitu zitzaien hurrena, final laurdenetan. Aurreko edizioko garailea, verde-amarilak ez du inoiz krisialdirik izan esferikoa erabiltzerakoan. Sampaio, Andre Cruz, Ze Maria… bertan ziren, aurrez Taffarel, Muller eta konpainiak etxeratutako urrea eskuratu nahian. Mijatovic eta Prosineckiren golak aski izan ziren dominen borrokan sartzeko. Finalaren ezkaratzean, Matthias Sammerren Alemaniar Errepublika Demokratikoa (artean ez ziren bat) zain. Beste adarrean, Alemaniar Errepublika Federala (Andy Moller handia edota Witeczek Bayern Muncheneko goleatzailearekin) eta Txile, torneoko ezusteko goxoa, etxean jokatuz. Aurreneko norgehiagokan, Stimac eta Sukerrek zulatu zuten kontrako atea Sammerren gola ezerezean utziz. Bigarrenean 4-0, alemaniarrek marruskatu etxekoen ametsa.
Finalean gaude, Santiagoko futbol zelaia leporaino bete da 65 000 ikuslerekin. Lehia estua, parekatua, borrokatua. Bobanen gola 85'minutuan. Yugoslaviarentzat lehen postua. Ez, usteak erdia ustel. Bi minuturen bueltan, banakoa. Witeczek. Alemaniarren egoskorkeria, ez daude ezer oparitzeko asmoz. Penaltiak jarraian, zoria. Partidako bi goleatzaileen protagonismoa ez da oraindik itzali. Witeczek zazpi daramatza, urrezko bota berea da, baina… 11 metrokoan huts, kale. Bobanen txanda. Bosgarren penalti jaurtiketa. Azkena. Erabakiorra. Zertarako kontatzen segi, historiako Milan handienaren erdilarietako batez ari naiz eta. Txapelketako jokalaririk onena, Prosinecki. 2'44 gol batez beste alde, inork hobetzerik izan ez duen marka. Yugoslaviaren urrezko futbol belaunaldia.
3/15/2011 04:37:00 a. m.
Ander Altuna

No Response to "Talde istorikoa: 87ko Jugoslavia"
Publicar un comentario