Autoan harrapatu ninduen Valentzia-Shalke 04 neurketaren hasierak etxera bidean. Irratia piztuta neraman, moda-modan dagoen COPE ko Tiempo de juego saioa entzuten, Carrusel berritu-zaharra. 10 minutu nahiko izan zituen Guash izeneko orojakile lerde-merkeak hurrengo ondorioa ezagutarazteko: "Al Valencia le sobraria con tener 15 en la plantilla para ganar la liga alemana". Pixkanaka pixkana, gainontzeko solaskideak animatzen hasten dira: "¡A que equipo ha ido Raul, por dios!". Handiena nork botako ika-mikan hasi ez ziren bada! "No hay color, vaya perita en dulce", "no me extraña que Emery haya apostado por un once tan ofensivo, los alemanes no tienen nada". Kito, amorrazioz lepo, irratia itzali nuen. Ez dago gizakia baino animalia ergelagorik behin eta berriz harri berean estropezu egiteko. Hauek gainera ez dute ikasten, euren mingain dantzaria sarri-sarri xaguak harrapatzeko tranpan kateatuta geratu arren. "Baztertu egiten dugu ignoratzen dugun oro" esan zuen behinola Antonio Machado poeta espainiarrak. Zuzen zebilela aitortzen hasia naiz. Nik behintzat, atximur egin nahi diet, futbola gustuko duen edonork errespetu eta begirune gehiago zor diolako Bundesligari.
- Futbol zelaien edukierari dagokionez, Bundesligan nekez ikus daiteke eserleku hutsik. Liga BBVAn, aldiz, alderantzizkoa da joera, behera egiten ari da nabarmen jarraitzaile-kopurua. 08/09 denboraldiko datuak argigarriak dira. Alemanian, 40 000 ikuslekoa izan zen batezbestekoa; Espainian, 27 000 ere ez zen iritsi. Duela urtebete La Gazzetta dello sportek egindako azterketari hautsa kenduz, honakoa gehi daiteke: mundu osoko estadioetako afluentziari dagokionez, lehenbiziko hamar sailkatuen artean, lau Bundesligakoak dira: Dortmungo Signal Iduna Park (bigarrena da, Old Trafforden atzetik), Municheko Allianz Arena, Hamburgoko Imtech Arena eta Gelserkirchengo Veltins Arena. Hau gutxi ez eta egunkari italiarrak zioen, aurreneko 50 artean, 13 zirela zelai alemaniarrak, Ingalaterrako ligan bezain beste. Espainiako eta Italiako seina jokaleku topa daitezke zerrenda horretan. Mallorka, Almeria, Levante, Getafe edota Almeriaren harmailak nekez igaro dira 10 000ko kopurutik. Herculesek, Osasunak, Racingek, Deporrek edota Vila-Realek lanak dituzte 15 000 iristeko. Krisiaren hatzaparrak omen, eta bazkide txartelen prezioa %20 garestitu da Marcak kaleratu zuen erreportaje baten arabera. Nahiz izanez gero, eskuragarri dituzue datuak eta zeuok egin konparaketa.
Zergatiak topatzen hasita, ziur faktore batek baino gehiagok duela eragina, baina atentzioa pizten du bereziki zer nolako prezioa diferentzia dagoen sarrerak eskuratzeko garaian. Bundesligan merkea da futbola bertatik bertara jarraitzea. Berdin dio Bayern Munchen edo Borussia Dortmund izan (marrazorik handienak) ala ST Pauli apala. Txartelik garestienak, edozein delarik neurketa, 40 euroko balioa du. Zer gertatzen da BBVAn? guztiz kontrakoa. Aurkariaren izenaren arabera zehazten da salneurria eta orohar, prezioak askoz ere garestiagoak dira. Adibide bat jartze aldera: Getafe-Racing ikusi nahi duenak, kokapen egoki batean, patrika urratu beharko du, 100 euro inguru eskatuko baitiote txarteldegietan. Datuok egiaztatzeko aipatu taldeen web orrialdeak dituzue.
Esan dut harmailak leporaino betetzen direla. Horrez gain, ez al zarete inoiz fijatu zer nolako koloreak bereizten diren? besteak beste, Van Gaalek zuzentzen duen taldearen kamiseta 50 eurogatik eskura daitekeelako. Garestia iruditzen bazaizue bota bistadizoa gure mugetan saltzen direnei. Realarenak 65 balio du, Atlhetic Clubrenak 67.
Jarraitzaileen fideltasuna ere aintzat har genezake. Tradizio handiko taldeak dira, eskualde eta bailara ezberdinetakoak eta identifikazio maila altua dute beren lurrarekin, bertako taldearekin. Zer gertatzen da, Valladoliden, Santanderren, A Coruñan, Almerian…? herriko taldea lehen mailan badago, tira, bazkide izango naiz, baina, behera egingo balu? kilker hotsa entzungo litzatakeela estadio horietan Bartzelona edo Real Madrilekoak direlako gehienak.
-Ligaren erakargarritasuna: zenbatetan entzun ote dugu azkenaldian Liga BBVA eskoziartu egin ote den. Bi talde ahalguztidun eta gainerakoak nola edo hala biziraun behar. Bayern Munchen da esparru guztietan boteretsuena, baina azken hamarkadan liga ez du emoziorik galdu, besteak beste, Werder Bremenek, Kaiserlaurtenek, Dortumundek, Sttugartek eta Wolfsburgek patrikaratu dutelako liga titulua. Eman begiratu txikia aurtengo txapelketari. Esandakoa, emozio gehiago ezin eskatu. Iaz, Berlingo taldea erori zen, Hertha indartsua. Parekotasun horrek zerikusia dauka aurrekontuen igualdadearekin. Ez dago hainbesterainoko diferentziarik. Telebista eskubideen banaketa gainera, banaketa da, benetakoa eta ez diktadura. Bayerrek 30 miloi eskuratu zituen joan den sasoian, Hoffeinhemek, xox gutxien batu zuenak, 15 bat. Hau da, sailkapena eta historia aintzat hartuz, postu batetik bestera milioi batekoa da aldea. Begiratu SuperBBVA- berdinezinean zer ari den gertatzen. Areago, zer gertatuko den? handiak handiago, txikiak txikiago. Ez dago besterik. Zatiketa, txikizioa, ekidiezina da. Horrek, noski, eragina du telebista audientzietan eta era berean, estadioen edukieran. Real Madril eta Bartzelona jaun eta jabe izango dira.
Zein erraza izan ohi den bestearen buruan zorria ikustea eta ez norberarenean zerria. John Carlin kazetariak "el sindrome del españolito acomplejado" deitzen dio horri, alegia, beti biktimaren larruan jarriz, (FIFAk, Platinik, UCIk… Europako agintari guztiek gorroto dute espainiako kirola) bestea gutxietxi, zanpatu behar zurea laudorioztatzeko. Tristea oso. Ez dute ikasten gainera.
Postdata: Iaz entzundakoa txapeldunen ligako azken zortzirenen atarian Carrusel Deportivo berrituzaharrean: "El Lyon es bakalá, no tiene nada". Horixe, gizakia beti gizaki, harri bera beti harri bera eta mingain estropezu barregarriak beti berdinek egin.
Bundesligaz bi hitz
2/17/2011 02:05:00 a. m.
Ander Altuna
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No Response to "Bundesligaz bi hitz"
Publicar un comentario