Ongi etorri gure blog-era

Hemen aurkezpen textu bat jarri beharko litzateke.

Beti helburuarekin bueltaka


Gaur 21:00etan Laudrupen Mallorca ikusiko dugu Anoetako estadioan. Talde arraro xamarra, baina arriskutsua. Ez naiz beraietaz fio, nahiz eta bi taldeak gizonez-gizon begiratuta, Realaren jokalari gehienak nahiago.

Iaz Championsen sartzeko zorian egon zen taldea dut gogoan, eta horrek agian nigan deskonfiantza sortzen du. Baita Realak legen itzulian Iberostar Stadi-an egin zuen partidu tamalgarriak. Hala ere, Reala eta talde gehienak bezela, Mallorcaren zenbakiak etxean eta kanpoan oso desberdinak dira, nahiz eta, argi!, aurten Sevillan eta Valentzian irabazi. Bi eszenatoki horietan irabazteko gai den taldeak errespetu osoa merezi du.

Donostiara egin dituzten azken hiru bisitetan galtzaile irten dira balearrak, baina memoriari eraginez beti Mallorca gainditzeko zaila izan den taldea da Anoetan. Sufritzen atera ditu ia beti partiduak Realak. Azken 8 bisitetan Realak bost aldiz irabazi du, beste hirutan ordea galdu. Bost garaipen horietatik lauk 2-1eko emaitza izan zuten. Datu hotzak dira, baina beren egia ere badute. Mallorca ez da talde erraza, urte asko daramatza lehen mailan, eta oso gutxitan ikusi dut sufritzen nahiz eta jokalari onenak beti lapurtzen dizkioten.

Iazko taldetik Aduriz, Josemi, Borja Valero, Varela... falta dira, eta hauen zuloa ez da nola hala betetzen. Harrobiari begiratu behar izan dio Michael Laudrup handiak, eta bertan harri bitxiren bat aurkitu du. Martí Crespí edo Kevin Garcia bezelako jokalariak denboraldi ederra ari dira egiten, eta baita hain ondo ezagutzen dugun Nsue ere. Ez dirudite beste munduko ezer, baina joaneko partiduan ezer berezirik egin gabe irabazi ziguten. Eskerrak oraingoan Victorrek ez duela jokatuko, horrelako jokalariak Realari gaizki etortzen baitzaizkio.

Esan bezala, ez naiz fio gaur Mallorcataz, baina irabaztea espero dut. Hala ere, irabazi ezkero, ez litzaidake gustatuko euforia neurrigabe bat egotea. Hau ni bezalako optimista batek esatea arraroa gerta daiteke, baina ez zait askoren jarrera gustatzen. Beti helburu baten beharra izan behar al dugu zoriontsu izateko? Zergatik Realak etengabe esan behar du Europa ala Jaitsiera? ez al dago tarteko biderik? eguneroko, edo asteroko bideak ez al du pena merezi?

Gaur horrelako titularrekin esnatu naiz: "La Real oposita para Europa", "Sueño europeo", "¿Debe la Real mirar a Europa?", "Pasaporte para soñar"... badakit egunkariak saldu egin behar direla, eta ni bertan lanean banego, agian ez nuke beste irtenbiderik goitik esaten didatena saltzea baino. Baina ez zait gustatzen. Zer demontretan ari gara. Beti gora ala behera, beltza ala txuria.

Realak 31 puntu dauzka, 15 jardunaldi falta dira, eta gauzak normal badin badoaz, 50 puntu inguruan ibili beharko litzateke. Sufritzetik hurrun, baina Europatik gertu ez. Hori txarra al da? neretzat behintzat ez. Eta horrek ez du esan nahi Europa Leaguean sartzeri uko egiten diodanik, baina ez dut horretaz egunero hitz egiteko beharrik. Zertarako? beti berdin gaude. Etorkizunean pentsatu eta pentsatu, eta bizi dugun momentua aprobetxatu ezinik. Beti aurrera korrika egiteko beharrarekin.

Titulu bat irabazteak ematen duen poza izugarria da, baina bi asteko iraupena izaten du. Bertara iristeko bideak ordea, hilabeteetako gozamena ematen du. Bartzelonaren zaletuek, irabazi ala ez, gozatu egiten dute, Madridekoak ordea ez. Iaz Championsa ez zuen ez batak ez besteak irabazi, baina Bartzelona finalerdietan erori zen Interrekin, eta Madrid final zortzirenetan Lyonekin. Bide oso desberdinak, nahiz eta amaiera berdina izan. Batzuek harro bukatu zuten, gustora eta pozik, besteak ordea burumakur.

Lehen mailara itzultzeko ametsaren arrazoietako bat, egunez egun, astero, jokatu behar genituen partiduak ziren. Mallorca, Espanyol, Osasuna, Athletic, Bartzelona, Valentzia... horiek dira gure egunak betetzen dituztenak. Partidu bakoitzak saria izan behar du guztiontzat, Cornellá eta Toralin ez baitira berdinak. Realaren zaletuek, denek, partidu bakoitzak ematen duenaz gozatzen ikasi behar dugu. Osasunari edo Athleticki irabazteak ematen duenaz benetan konturatu behar gara. Hori baloratu, eta disfrutatu. Helburu txikiak dira ederrenak.

Epe luzera jartzen direnak oso frustranteak dira orokorrean. Bigarren mailak erakutsi digu hori. Helburua bertan bakarra zen, ez zegoen besterik. Bideak hor ez zuen inporta. Eta horrek sekulako desgastea sortarazten du. Orain lehen mailan gaudela, goazen epe luzeko helburuak alde batera uztera, eta astez aste, partiduz partidu, disfrutatzera. Egoerak ahalbidetzen du hau. 31 puntu. Eroso. Behiengoagatik goazen futbolaz gozatzera, loturatik gabe, arerioek zer egin duten begiratu gabe.

Nik ez dut Europako helburua jarri beharrik nere ilusioa mantentzeko. Ez dut handikeriarik behar Realaren garaipen bat gehiago baloratzeko. Nere etorkizuna larunbatean ikusten egongo nintzen. Sansek 2-0 irabazi zion Zamorari, lehen minututik partiduaren jabe izan eta gero. Illarramendik gozatu egin zuen. Colinasek. Errastik. Rosek. Iñigo Martinezek. Eizmendik. Mandalunizek. Eta baita nik ere. Talde honetan lehen mailan jokatu duten hiruzpalau jokalari ikusi nituen berriro ere. Horrek ematen dit etorkizunerako ilusioa. Europan egon ala ez, beraiekin badakidalako nere asteroko ilusio hori mantendu egingo dela etorkizunean ere. Athletic garaitzen jarraituko dugulako. Bartzelonari begietara begiratzeko aukera izango dugulako.

No Response to "Beti helburuarekin bueltaka"

Publicar un comentario