Ongi etorri gure blog-era

Hemen aurkezpen textu bat jarri beharko litzateke.

Plazerrik sinpleenak, ederrenak



Zoriontasunaren eta plazerraren gainean nahi adina esaera daude. Gehienek egi borobilak esaten dituzte, baina larunbatean bertan irakurri nuen batekin geratuko naiz oraingoan, orain realzale guztien sentimenduak laburbiltzen dituelako nolabait: "plazerrik sinpleenak dira gutxien nekatzen dutenak".

Filosofatzen orduak pasa ditzazkegu, baina nik behintzat argi daukat bizitzako gauza txikiak direla funtsezkoenak, eguneroko bizitzan zoriontasuna ematen dutenak. Bizitzako lege hau futbolera eramanda, Realak Bartzelonari irabazteak ematen duen poztasuna ulertzen hasi gaitezke.

Askotan pentsatu izan dut nola sentitu behar diren Bartzelonakoak denboraldi berdinean sei garaikur irabaztean. Asko da hori. Baina gizakia ez al da segituan onera ohitzen, eta horregatik gauzak gutxiago baloratzen? nik baietz uste dut. Gehiago esango dut, batzutan pentsatzen dut Madridekoei eta Bartzelonakoei ilusiorik handiena egiten diena irabaztean bizilagunak duen atsekabea ikustea dela. Irabazi eta lehenbizi "etsaiaz" gogoratzen bazara... malo.

Birritan ikusi eta irakurri ditut horrelako gauzak. Bartzelonak 5-0 Madridi irabazi ostean, pozik handiena Madridi izorratzea zen. Madridek Kopa irabazi, eta momentuoro Bartzelonaz eta bere jokalariez gogoratzen ari ziren bere zaletuak. Penagarria. Konklusioa da, talde hauen zaletu gehienek ez dituztela koloreak sentitzen. Garaipenaren lagun dira soil-soilik, irabazteak besteetaz barre egiteko aukera ematen dielako. Gauzak gaizki doazenean desagertu egiten dira, baina irabazi ezkero lehen lerroan egongo dira garrasika eta euren sentimenduak lau haizetara zabaltzen.

Gauza horiek ikustean, Realzalea izatearen handitasuna zein den konturatzen naiz. Inoiz ez dut horretaz dudarik izan, baina egunetik egunera gero eta argiago daukat. Realeko zaleen fideltasuna garaipenen gainetik dago, porroten gainetik. Gauzak okerren datozenean ikusi da Reala ez dela inoiz bakarrik egongo. Beti eduki ditu zaleak alboan. Reala bihotzean daramalako Gipuzkoak.

Atsekabe asko batu ditugu urte askotan zehar, nahigabeak, negarrak, sufrimenduak... eta baita momentu ederrak ere. Baina momentu onak ederragoak bihurtzen dituztenak batutako atsekabeak dira. Realaren alboan egon diren horiek bakarrik sentitu dezakete larunbatean sentitu nuen poza. Eutsi ezina den poza.

Batzuentzat tristea izango da Bartzelonari irabazteagatik horrenbeste sentitzea. Baina garaipen horrek gauza asko ditu atzetik. Lehenik eta behin urte bete gehiagoz lehen mailan jarraipena ia ziurtatzea. Gauzak okerren zeudenean, beti sinetsi izan dut talde honen gaitasunean. Eta hemen saria orain. Eta batez ere, patuak edo Realari egin zion zinua aprobetxatu izanak betetzen zuen nere bihotza.

Askorentzat ez du garrantzirik izango, baina 80garren hamarkadako heroiek lortutako errekorra neretzat altxor hutsa da, harrotasuna eta urgullua, talde honen handitasunari dir-dir ematen dion lorpena. Badakit 38 partidu direla, ez 32, baina hori guretzat izango zen bakarrik, munduak Bartzelonari emango baitzion errekor hori. "Beste errekor bat Barçak"... baina patuak urrezko beste orrialde bat zuen prestatua Realarentzat.

31 partidu zirenean, hain justu, Reala Bartzelonaren aurrean. Zoriak hala nahi izan zuen. Igoeraren heroiei, txapeldunen memoria gurtzeko aukera eman zien, horrela beraiek ere gure bihotzetan leku handiagoa izateko. Baita lortu ere. Eta nola! Negargura ematen dit pentsatzeak. Emozioagatik, harrotasunagatik.

Errekor txikienak, garaipen txikienak, golik ziztrinenak, punturik itsusienak... harro sentiarazten gaitu realzaleoi. Eta zalego honen parte izateak harrotzen nau baita ere. Gauzarik sinpleenekin zoriontsu garen hauek, beti egongo gara elkarrekin, beti Realarekin.

No Response to "Plazerrik sinpleenak, ederrenak"

Publicar un comentario