Liga txapelketa amaitzeko lau hilabeteren faltan amaituta omen. Ondorio horretara iritsi ziren Real Madrilen egunerokoa zaintzetik (pozointzetik) bizi diren kazetari-talibanak Almeriako hondamendiaren ostean. Zergatia? sinplea. Bartzelonak lau puntuko aldea kentzen ziola. Horretan oinarrituz, helburu birmoldaketa aldarrikatu zuten lau haizetara, hau da, bidera ditzatela indar guztiak txapeldunen liga eta kopa irabaztera. Makinaria mediatiko boteretsuari berdin zaio Mourinhoneren historiako bigarren puntuaketa gorena lortu izana lehen itzulian eta historiako Bartzelona irabazleena muturrerainoko esfortzura behartzeak. Akabo liga, hortik aurrerakoak milongen sailean sartu zituzten. Baita beste behin Guardiola filosofo merkea ere honek kontrako iritzia plazaratu zuenean. Planteamendu honek indarra hartu zuen Iruñean adarkada jaso ostean eta periodista zuhurrenak ere konbentzitu zituzten. Kito Real Madrilenak egin du, otsaileko aurreneko asteburuan egin ere alajaina!
Halako batean ordea, San Pedroren liburutik ateratako miraria: Barçak amore eman behar izan du El Molinonen Preciado oilo bustiaren ordezko jokalarien kontra eta puntu aldeak behera egin du. Bostera jaitsi da Mourinhoren gudarostea Bartzelonatik hiru puntuak ekartzeko gai izan baitzen bataila gogoangarri baten ostean. Epikaz bustiriko historia erreskatatzeko modua izan zuten orduan kobazuloko mingain dantzariek: Casillas kapitain handia egotzi zuen Mateu arbitro fantaztico doilorrak bigarren minutua bete ez zenean eta gizon bat gutxiagorekin atera ziren gailen. Meritu handiko garaipena batzuentzat, nik hau berresten dut, balentria harrigarria besteentzat eta… ta, ta, txan, ta, ta, txan… LIGA ORAINDIK EZ DA AMAITU, NORK ESAN DU HALAKO ASTAKERIARIK, irakur daiteke Marcako zabor-iritzi bilatzaileen artean. Lerroburuak honako hauek: "Un Madrid 10, se mete en la liga", "San Valentin Madridista", "Al Real Madrid le salen las cuentas", "Renace la esperanza"… Horra hor. Lau punturekin liga amaitutzat jo zuten jakintsu berberak ligarenak ez duela inondik inora egin aldarrikatu dute lau haizetara, nahiz eta puntu diferentzia orduan baino handiagoa izan. Egutegiari ez diogu orrailderik jan gainera otsailean segitzen dugulako. Marka da gero. Emaitzen diktadoreen menpe dabil futbola aspalditxoan. Era horretara larrutu zuten Pellegrini eta beste hainbeste egingo dute Mourinhorekin Cibelesetik joan etorria egin ezean. Gainera, portugaldarraren besoetara jauzi egin duten horiek izango dira bere lepoa bihurrituko dutenak. Ez dago ulertzerik. Agintariak ere, zurrunbilo horretan murgildu dira. Denboraldiz denboraldi aulkietan dagoen dantzari erreparatzea aski da. Zenbat entrenatzaile izan ditu Zaragozak azken bi urtetan? hiru. Racingek, Almeriak edota Malagak? beste hainbeste. Sevilla bezalako talde batek, bere historiako emaitzarik arrakastatsuenak lortu dituenak orain gutxi galtzak bete lan ditu Monchiren proiektua egonkortzen. Sinesgarritasuna galdu du, nork eta Monchik. Harrien azpitik topatu beharko lituzkete esker on hitzak sevillarrek zalantzak sortu ordez. Michelek iaz seigarren sailkatu zuen Getafe, bere historiako posturik onena eta aurten ere postu horren borrokan ibiliko da. Ez du balio, kinka larrian dago Uefa eta Kopatik at geratu zelako hasi bezain pronto. Getafe bezalako talde bat, inor izan ez eta handiustean dabilena hiru lehiaketetan lehiatu nahiean? Ikusmira galdu da. Realak galdu zuen bezala eta ez prezisamente duela bost hamarkada. Horregatik ez nator bat Europa League helburu izan behar duela diotenekin. Ez dut esaten ezin dezakeenik lor, baizik, lehentasunetan ezin daitekeela burua gal. Mailari eutsi ostean borroka horretan segitzeko modua badu, ondo egindako lanaren fruitua izango da, primeran. Sekula ez du izan behar ordea, horrek helburu. Gainera, indar guztiak horretan xahutzeak ez lioke mesederik egingo biharko egunari begira. Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira taldearen egituraketari dagokionez. Rivasen jarraipena Markel, Elustondo, Illarramendi eta konpainiaren baitan dago. Gazte horien inguruan bakoikortasun giroa sortzea da hebadide nahiz jarraitzaleen zeregina. Etorkizuneko giltza direlako eta pixkanaka pixkanaka minutuak pilatzen hasi behar direlako euren balioa erakutsiz. Ez ahaztu, Sanse, haztegia, play off-etan sartzeko borrokan sartuta dabilela. Seinale on.
Tamudoren gaia ere argitzeko dago. Ez al da Rivasen kontua baino garrantzitsuagoa? Tamudoz ari gara, Espainiko futbolak azken hamarkadan eman duen jokaldi-bukatzaile onentsuenetarikoaz. Aho asko, gehiegi, estali du azkenaldian. Bestearena erabaki arriskutsua izan daiteke, baina, arrisku kalkulatua beti ere, azpiko mutilak ate joka datozelako. Talde egituraketa egoki batek lanak errazten ditu eta nire ustez, horretan pentsatu behar du kirol zuzendaritzak. Multzoan lehengaia egon badago, ez nolanahikoa gainera. Hazten jarraitzeko erraminta egokiak behar dituzte eta hori da agintarien eginkizuna. Ez dago lasaitasun une hauek baliatzea bezalakorik tajuzko erabakiak hartzeko. 10 urteko arrakasta bermatu dezake horrek, 10 urtez segidan lehen mailan segitzeak alegia. Horretan asmatu zuen inork baino hobeto Realak 60. hamarkadan. Perspektiba galdu ezean, pentsa ezineko gailurrak zapal litezke: bi liga, kopa eta batez ere lau hamarkada onenen artean. Hori izango litzateke niretzat zazpigarren amaitzea.
2/15/2011 02:39:00 a. m.
Ander Altuna
No Response to "Egonkortasun egoskorra"
Publicar un comentario